XXXIX. Josetxo Etxandi pilota oroitaldia
Hasiera
=> Izena
=> Historia
=> Txapeldunak
Bikoteak
Partidak
Argazkiak
Kontaktua eta iradokizunak


Historia

OROITALDIAREN HISTORIA LABURRA

LEHEN URRATSAK

        Josetxoren heriotzaren ostean, Lezoko pilotazale gazteek hutsune handia nabaritu zuten herriko pilota giroan. Nork ordezkatu behar zuen gaztetxoak pilota jokora bultzatzen zituen gazte eragile hura? Uda gainean zegoen eta ez zen inondik ere ikusten ohiko txapelketa antolatzeko modurik. Hutsunea bete nahirik, Ekaitz aisialdi-elkarteko gazte talde batek Josetxok ordurarte egiten zuen lanaren ardura bere gain hartzea erabaki zuen.

           Hasieratik hasiz, Josetxoren omenezko pilota txapelketa bat antolatzea bururatu zitzaien. Horretarako, ezinbestekoa zen ordurarte antolaketa guztia bideratu zuen Allerru Elkartearen babesa eta bultzada lortzea. Ez zuten eragozpen haundirik aurkitu. Allerru Elkartearen bidez, eta Pako eta Manuel Josetxoren anaien laguntzarekin, Etxandi familiako gainontzeko senideekin harremanetan jarri ziren. Eman beharreko lehen urratsak emanak zirelarik, antolakuntza lanetan hasi ziren. Herri mailako txapelketa antolatzeak aparteko zailtasunik sortzen ez bazuen ere, eskualde mailakoa antolatzeko beste baldintza batzuk bete behar ziren: pilotari federatuak bakarrik parte har zezaketen, dietak handiagoak ziren, eta ondorioz, aurrekontuei aurre egiteko urrats berriak eman behar ziren.

         Zailtasunak zailtasun, 1975. urtean, Josetxo hil zen urte berean, I. Josetxo Etxandi Oroitaldia antolatu zen.

ANTOLAKUNTZA

        Lezoko txapelketa urtean zehar (eta udaberritik aurrera, bereziki) egindako lanaren emaitza da. Ia hilabete irauten duen ikuskizuna jendeari eskaini aurretik, begiralearen lan isila egin behar izaten dute antolatzaileek aurreko hilabeteetan. Pilotarien momentuko maila egiaztatzeko partidu asko ikusi behar izaten dituzte. Pilotari berriak ezagutzen eta, ahal den neurrian, zuzenean beraiekin hitz egiten saiatzen dira  eta Lezoko frontoiaren ezaugarriak, pilotarien historiala eta ahalik eta datu gehien eskuartean izanik, partehartzaileen zirriborroa egiten dute. Ez dira gutxi honekin batera egin behar diren bestelako lanak ere: Federazioak eta epaileen kolegioak eskatzen dituzten fitxak eta baimenak behar bezala eta garaiz tramitatu behar dira; komunikabideekin ere harremanetan egon behar da partiden iragarpenak eta emaitzak garaiz eta era egokian eman ditzaten; aurrekontuaren kopurua kontuan izanik, laguntzaileak bilatu behar dira sariak edota aurrekontua osatzeko udalak eman ezin duen diru kopurua eskuratzeko, eta denbora pasa ahala sortzen diren unean uneko bestelako lan amaigabeak.

Partidak programatzerakoan, egutegia osatzerakoan, pilotariek parte hartzen dute, neurri batean bederen. Partidak iragarri aurretik beti eskatzen zaie pilotariei baieztapena. Finaleko partidan salbu, pilotariei ez zaie behartzen antolatzaileekin aurretik adostu ez duten egun batean jokatzen. Horrela, bada, pilotari guztien beharretara makurtuz saihets daitezke uda aldeko egutegi trinkoek sortzen dituzten eragozpenak.

LAN-TALDEA

        Aipatu da Josetxo hil zenean Ekaitz aisialdi taldeko lagun batzuek hartu zutela pilotan geratu zen hutsunea betetzeko ardura. Denbora pasa ahala, Ekaitzekoek, poliki-poliki, Etxandi anaiei pasa zieten lekukoa. Luis Santos izan da lehen talde hartatik antolaketa lanei tinko eutsi dien lagun bakarra. Honek eta Etxandi familiako hainbat senidek osatu dute urtetan jardun duen lan talde urria. Hain talde urria izateak lan gehiago eskatzen badu ere, asko errazten ditu gauzak antolaketari buruzko erabakiak hartzerakoan, esate baterako.

Lan orokor hauekin batera, badira, pilotariekin batera,  pilota-jokoaren legeak bete daitezen ezinbestekoak diren beste protagonistak ere. Hauen artean, jakina, epaileak aipatu behar dira. Lezon bertako epaileen laguntza izan dugu beti, Federazioak hala behartuta zegokien titulazioa erdietsi zutenak. Zorua garbitzeko, aldageletan laguntzeko, kartelak egiteko eta antzeko lanetarako ere ez da inoiz jenderik falta izan.

PILOTARIAK

         Txapelketa martxan jarri zen lehen urteetan, edozein pilotarik parte har zezakeen bertan. Erabaki oso “demokratikoa” bazen ere, ondorioz, nahiko partidu desorekatuak suertatzen ziren: maila oneko bikoteek “betelana” egingo zuten gainontzekoekin jokatu behar izaten zuten. Batzuetan, eta ez gutxitan, balizko galtzaileak ez ziren agertzen eta partidak bertan behera utzi behar izaten ziren. Honek, jakina, ikusleen haserrea (antolatzaileena adinakoa, ia) pizten zuen. 

         Arazoari aurre egitearren, pilotarien maila igotzea erabaki zen. Kalitatea bermatuko zuten pilotariengana jo zen, lehia eta oreka nolabait uztartu nahirik. Honela, pilotarien parte hartzea lotu eta txapelketari seriotasun handiagoa ematearren, bosgarren oroitalditik aurrera (1979), aurretik aukeratutako bikoteak gonbidapenaren bidez ekartzea erabaki zen. Honekin batera, jakina, txapelketako aurrekontuaren kopurua igo egin zen, baina, behingoz, maila handiko partidak txapelketaren hasieratik ikusi ahal ziren, eta ez finalerdietatik aurrera soilik, ordurarte  gertatzen zen bezala.

         Antolatzaileak, garai hartan, Oiartzabal pilotariarekin jarri ziren harremanetan. Hau Espainiako txapelduna izan zen eta, artean, Bidasoa bailarako ordezkari lanetan zebilen. Nafarroako goi mailako hainbat pilotarirekin harremanetan jarririk, txapel-ketaren birrantolaketari ekin zitzaion: pilotarien dietak igo egin ziren, sona handiko bikoteak ekarri zituzten; esate baterako, Txoperena-Etxeberria, Zubeldia-Erdozia, Etxandi, Arzelus... nafarrak, Alustiza-Olaizola, Goikoetxea anaiak, Amundarain-Zabala… gipuzkoarrak. Aurrerago, profesional ohi handiak ere parte hartu dute: Azkoitiko atanotarrak, Esnaola, Ansola … Iparraldetik hurbildutakoen artean Yustede, Zubizarreta, Elejalde, Iribarne, Mutuberria, Aranburu, Hirigoien dira aipagarrienak. Euskal herrialde guztietako pilotariak ekartzen saiatu dira beti antolatzaileak.

         Hauetako bikote batzuek afizionatu mailatik at geratzen zirenez, 1981ean helduen maila sortu zen, aurrerago profesional ohikoena izango zena. Lehen hartan, Castillo-Ibargarai bikotea izan zen txapelduna. Hurrengo urteetan ospe handiko pilotariak etorri ziren: Tapia I, Andueza III, Beristain, Barandiaran…, denak profesional ohiak.

         1981. urtean helduen maila sortu zenean, hirugarren maila bat erantsi zitzaien ordurarteko gazte eta afizionatu mailei. Ia egunik ez zegoen hainbeste partidu antolatzeko, eta horrela, gazteak ere gonbidapenaren bidez ekartzea erabaki zen.

         Lehen partidak ligaxka sistemaz jokatu ohi dira beti, talde bakoitzeko lehenak finalerdietarako sailkatzen direlarik.

         1999. urtean afizionatuen eta profesional ohien mailek bat egin zuten. Afizionatu onak profesionaletara pasatzen direnez eta betiko profesional ohiak adinean aurrea doazenez, ez baitago gutxieneko mailari eusteko bestelako modurik. Ligatxoa egin ondoren, talde bakoitzeko txapeldunek jokatu zituzten finalerdietako partidak. Azken urte horretan, bestalde, lau eta erdiko bakarkako maila sortu zen. Hiru pilotariren artean jokatu zen ligatxoa eta finala.

         Herri mailako txapelketa 15 urtetik beherako gaztetxoentzat antolatu izan da beti. 1999. urtean, partehartzea bultzatu nahirik, ordurate baztertuta zeudenei zuzendutako maila berri bat ireki zen. Lehen urte horretan 15 eta 53 urteen arteko 14 bikotek parte hartu zuten. Arrakasta itzela izan zuen, ikusmin izugarria piztu baitzuen herritarren artean.

FRONTOIA(K)

         Edozein lezoarrek ongi dakien bezala, eguraldiak erabaki du beti txapelketako partidak non jokatu. Goiko Plazako frontoia politagoa, ikuslegoarentzako eta antolatzaileentzako erosoagoa eta pilotarientzako atseginagoa bada ere, eguraldiak hala behartuta, beste frontoi estali batzuetan ere (Donibane, Altza, Errenteria ...) jokatu behar izan dira partidak. Antolatzaileek hala erabakirik, finaleko partida da derrigorrez beti Lezon jokatu behar den bakarra. Lezon frontoi estalirik ez zegoen garaitan, baldintza hori betetzearren, urrian ere jokatu ohi da finaleko partida.

         Lezoko frontoi estali berria izateak lasaitasun izugarria ematen die antolatzaileei eta ikusleei, bai baitakite eguraldi ona edo txarra egin partidak beti Lezon jokatuko direla, beste herriei mesederik eskatu gabe eta bertara joan behar izan gabe. Hala ere, ez dirudi frontoi berri honek ase dituenik lezoarron beharrak. Sabaia eta frontisaren arteko uztardura ez da behar bezala egin; zorua labainkorregia da;  frontisa hainbat zatitan ez da behar bezain trinkoa; ezkerreko paretak zenbait tokitan zuloak ditu; eguraldiaren erasoak arazo gehiegi sortzen ditu, euria egiten duenean sarrerako bi ateetatik ura sartzen baita kantxaraino iristen diren putzuak sortuz; euria egiten duenean ikusleak busti egiten dira; ez dago zerbitzurik ikusleentzat... Arazo gehiegi frontoi egin berria izanik. Hala ere, eta akatsak akats, eskertzekoa da bigarren frontoia izateak eskaintzen dituen aukera berriak.

AURREKONTUAK

         Gaur egungoa baino egoera larriagotara ohituta dago Lezoko txapelketa, lehen urteetan udala eta hainbat enpresa, denda, taberna, eta lagun eskuzabalen artean biltzen baitzen gastuei aurre egiteko behar zen diru kopurua. Txapela pasa beharreko garaiak ere ezagutu dira.

         Urteak aurrera joan ahala, eta aurrekontuaren kopuruak gorakada nabarmena izan zuenez, udalak finantziaketa bere gain hartzea erabaki zuen, eta horretarako Iberdrola, Zaldiak, Azpeiti… eta abarrengana jo zuen kopuruaren zati batetaz ardura zitezen. Hainbat urtetan, ordainez, laguntzaile horien izenekin iragarkiak jarri behar izan dira frontoian. Aurrekontua 700.000 pezetatik 1.500.000 pezetara igo zenean, izen handiagoko pilotariak ekarri ahal izan ziren. Pilotari hauek baldintza berriak jartzen zituzten. Hala beharturik, kalitate handiko pilotak ekarri behar izan ziren. Sestaoko “Cipri” zen behar horiek ase zitzakeen pilotagilerik bikainena, eta inolako zalantzarik gabe berarengana jo zen zuzenean. Geroztik, etxe horrek hornitzen du Lezoko txapelketa.

KOMUNIKABIDEEKIKO HARREMANAK

         Jokatu beharreko partidak eguneko egunkariaren bidez iragarri izan dira. Hasiera-hasieratik dauka egunkarietan bere txokoa (txokoa besterik ez bada ere) Lezoko txapelketak. Inoiz edo behin (oso gutxitan, baina) finalak titular handietan eman ohi dira. Dena dela, beti ez da gaur egun bezain erraza izan. Duela urte batzuk, nahiko zaila zen egunkarietara iristea, batez ere azpiegiturarik ez zegoelako.

         Orain 25 urte gaur baino egunkari gutxiago zegoen. Zeudenek orrialde gutxiago zituzten eta nazioarteko, estatuko eta, asko jota, probintzia mailako albisteetan ipintzen zituzten euren mugak. Herrietako albisteek nekez aurkitzen zuten zegokien tokia. Hona hemen herri mailako albisteei eskaintzen zitzaien tokia eta zegoen koordinazio eskasa ongi adierazten duten pasarte bat edo beste:

         Þ “No era grande la actividad programada para ayer, martes, y tampoco es demasiado importante la que a la hora de escribir esta crónica estaba anunciada para hoy. Por esto, la pelota aficionada tendrá un lugar preferente …” (Javier Zabaleta, DV, 74-09-18, 19. or.).

         Þ “…hubo el sábado dos reuniones importantes de las que no tengo la menor noticia… No han llegado noticias de los resultados habidos lo que es una pena.” (Javier Zabaleta, DV, 75-09-16, 19. or.).

         Þ “Destacan hoy las finales de Lezo, del III Memorial Josetxo Etxandi en categorías de Benjamín, Alevín e Infantil. Por cierto, ¿alguno de Vds. sabe quienes se proclamaron campeones en juveniles y primera? Como orientación les diré que esas finales se jugaron el miércoles”. (José de Urdanibia, DV, 77/09/17, 27. or.).

         Komunikabideek orokorrean, eta prentsa idatziak bereziki, hartu duten garrantziari esker gaur egun askoz ere errazagoa da informazioa bertara helaraztea. Hala ere, txapelketaren maila eta bilakaera kontuan harturik, ez dirudi merezi duen garrantzia ematen diotenik. Oraindik ere, eguneko partiduen informazioa ematera mugatzen dute beren lana. Nekez ikusiko da Lezoko txapelketari buruzko titular handirik

         Uda partean hainbat egunkarik herrietako jaiei eskaintzen dizkieten orrialdeetan eman ohi da txapelketari buruzko informazioa, baina jaietako ekitaldi den neurrian soilik ez berariaz dagozkion merituengatik.

         Telebistan duen presentzia aipatzea ere ez du merezi. Gonbidapena luzatu izan zaien arren, ez dira inoiz hurbildu partiden grabaziorik ere egitera. Final historikoak jokatu izan dira: Ansola-Atano XIII // Urionaguena-Elkoro; Haritz-Goñi III // Apezetxea-Almandoz (maila handiko pilotariek parte hartu zuten urte honetan: Otaegi-Auxkin, Galarza V-Iparragirre, Berraondo-Gastesi, Artola-De Luz), Samaniego-Andueza III // Egiguren-Tapia I … ETB ez zen inondik ere ikusi.  Lezon jokatzen diren afizionatu mailako partidak baino eskasagoak telebistaz ikusten ohituta gaude azken aldi honetan.

JAI ALDIRAKO IKUSKIZUN APARTA

Txapelketa abuztua-iraila artean jokatzeak baditu, ezbairik gabe, alde onak. Udako hondar-aldia garai ezin hobea da ikuskizun ederrez patxadan gozatzeko. Badago, ordea, bestelakorik ere. Irailaren hasieran konpetentzia handia dago bazterretan, eta honek, jakina, asko garestitzen ditu pilota partidak. Garai honetan jokatzen diren partidak ez dira Euskadira mugatzen, pilotariek Espainiako hainbat herritatik ere jasotzen baitituzte gonbidapenak: Guadalajara, Zamora, Burgos, Errioxa, Soria, Salamanca… Toki hauetako jaietan partida ugari antolatzen dira eta diru kopuru tentagarriak eskaintzen zaizkie pilotariei, Lezon eskaintzen zaizkienak baino tentagarriagoak, beti. 

  ETORKIZUNEAN...

         Txapelketa halako pizgarria da herriarentzat. Frontoira igotzeko garaia iritsi dela ongi sumatzen da herriko giroan. Horrek bultzatuta, gogotsu daude antolatzaileak eta lanean jarraitzeko asmoa dute. Jende berriaren laguntza biziko eskertuko badute ere, ez dute nahi Oroitaldiak orain arte lortu duen maila altua edozein eskuk gestiona dezan hemendik aurrera. Inoiz lekukoa beste eskuek hartu behar badute, ongi jakin behar da norerak diren esku horiek. Pilotariekiko begirunean eta adiskidetasunean oinarritutako txapelketa izaten jarraitu behar du beti, daukan mailari eutsiz. 

         Gazteen aldeko lana, urte askotan lozorroan egon da Lezon. Horrela, askotan pilotan jardun nahi zuten gazteek inguruko beste herrietara (Oiartzun, Altza edo Intxaurrondo) joan behar zuten Lezon aukerarik aurkitzen ez zutelako. Iaz garrantzi handiko urrats bat eman zen: Gipuzkoako herri arteko txapelketan parte hartzea. 30 urte ziren Lezok ordezkaririk bidaltzen ez zuela. Urratsak dira, eta denon lana da. Udaletxetik jasotzen den diru laguntzaz, dagoen azpiegituraz eta laguntzaile pribatu batzuen lanaz baliatuz pilota kluba berregin nahi da. Lan horretan lagundu nahi duten guztiek ateak zabalik dituzte.

         Pilota klub horrek izango du zer egin, galdera asko baitago erantzuteko: Gaur egungo gazteak prest al daude kirol honetan jarduteko? Beste kirol erakargarrien aurrean zein toki emango diote gazteek pilota jokoari? Zein dago gazteak entrenatzeko edo beraiekin zuzenean lan egiteko prest? ...



Hoy habia 2 visitantes (3 clics a subpáginas) ¡Aqui en esta página!
Este sitio web fue creado de forma gratuita con PaginaWebGratis.es. ¿Quieres también tu sitio web propio?
Registrarse gratis